XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRAKURKETA. OÑATI GIPUZKOAN 1845 Gauza jakina eta ezaguna da Oñati ez zela eskubide eta betebehar guztiekin 1845. urte arte Gipuzkoaratu.

Egia esan, aurretik ere era askotako harremanak genituen Probintziarekin, baina garai, egoera eta komenientzia politikoen arabera aldatzen zirenak, zenbait kasutan nahikoa aparte eta bereizi geldituz.

Nondik zetorkion gure herriari bereiztasun hori?

Arrazoi bat baino gehiago aipatu izan da korapilo hori askatzeko: adibidez, Oñati baztertu samartuta Arabako mugan kokaturik zegoela, orduko herririk handitxoenetakoa zela, ez genuela hemen Gipuzkoako euskararik erabiltzen eta abar.

Egoera eta baldintza hauek, ordea, inguruko beste herri batzutan ere berdintsuak genituenez, ez dugu uste arrazoi funtsezkoenak izango zirenik.

Beraz, auziaren gakoa ondo ulertzeko beste zerbait bilatu beharra dago: hain zuzen, mendeetan zehar Gebaratarrekin, Oñatiko Jaun eta Kondeekin alegia, izan genituen harremanak, loturak eta menpekotasuna.

Gebaratarrok gure herriari buruzko lehenengo albistearekin batera azaltzen zaizkigu: 1149. urtera orduko Oñati gehiena heuren menpean zeukaten.

Harrez gero, oñatiarrek urte eta mende luzeetako borroka latza eraman behar izan zuten kondeek leporatu zien uztarri astuna astindu ahal izateko.

Gipuzkoako Biltzarreak edo beste erakunde batzuk sortu zirenean, Oñatik ez zuen zuzenean parte hartu, erdi-zokoraturik geratuz.